AURTEN BAI eta GARABIDE

2018an AURTEN BAI Fundazioak GARABIDErekin hitzarmena sinatu zuen. Akordioaren helburua da Mapuzugunaren, hau da, maputxeen hizkuntzaren, biziberritze-prozesuan garatzen ari den barnetegi-dinamika indartzea eta irakasleak formatzea.

MAPUZUGULETUAIÑ ELKARTEAREKIN EGINDAKO LANA

2018an hasitako elkarlanari eta hasitako bideari jarraiki, 2019ko elkarlanak ere aurreko urtean izandako helburu berberak izan zituen egonaldia egin genuen Wallmapun, berriz ere. Helburuak izan ziren: lehenik, Mapuzuguletuaiñ elkarteko kide diren irakasleak gaitzea, unitate didaktikoetan, Europako Erreferentzi Marko Bateratua aintzat hartuta; bigarrenik, gela barruko rolean trebatzea.

Bigarren horretarako, euskara irakasleon lana eta egitekoa bertatik bertara ikuskatzeko aukera izan zuten, irakaslearen rola aztertzeko eta praktika onak bultzatu eta txarrak bazter uzteko. Lankidetza honen helburua irakasleak prestatzeko gure eskarmentua baliatzea izan bada ere, barnetegi bateko irakasleak garenez, gure eskarmentuan oinarrituta, euren barnetegiaren gaineko aholkularitza emateko helburua ere izan du lankidetza proiektu honek. Horrela, barnetegia burutu bitartean zein amaieran aholkularitza lana egin eta euren barnetegiaren gaineko feedbacka eman genien lana hobetzeko aukera izan dezaten.

mapuzun

Unitate didaktikoak sortzeko, mapuzuguna irakasteko, hiru aukera edota ikastaro mota zeudela-eta, hiru horiek bideratzeko konpromisoa hartu zuten: barnetegiak, ikasturte osoko ikastaroak eta online ikastaroak.

Unitate didaktikoak egiten hasteko, Europako Erreferentzi Marko Bateratua aztertzen aritu ginen, eta gero, mapuzugunaz bateratzen.

Horretarako, A1, A2, B1 mailen eduki zerrenda sortu genuen eta baita B2 maila bideratu ere. Behin “kurrikuluma” bateratuta, gure unitate didaktiko bat aztertu genuen; hots, zer eduki behar duen unitate didaktiko batek, nola sekuentziatu behar den, maila bereko unitateen formatua bera izan behar dela…

Gero, hiru talde egin genituen; talde batek barnetegietarako unitate didaktikoak sortu behar zituen, beste talde batek ikasturte osoko eskola-presentzialetarako eta hirugarrenak online ikastarorako. Unitateak sortzen hasi aurretik hainbat erabaki hartu behar izan genituen: eguneko eskola-orduak zehaztu, zenbat ikastordu guztira, nola planteatu online-ikastaroa eta abar.

Azken hau helburu berri bat izan zenez, gure esperientzia partekatu genuen eta guk nola lan egiten dugun azaldu genien. Gainera, Classroom-aren erabilera ere azaldu genien. Honenbestez, ikastaro bakoitzaren irizpideak aintzat harturik, taldeka unitateak sortu ziren gainontzeko egunetan.

Aipatu behar da, ikastaroa hasi genuenean, lehenik eta behin, hasierako diagnosi bat egin genuela, batez ere, ikastaroaz zer espero zuten jakiteko. Azken egunean, berriz, azken eguneko ebaluazioa egin genuen, eta guztien iritzia bat zetorren: ikastaroa oso lagungarria egin zitzaien bai unitateak sortzeko, baita irakaslearen rolaz hausnartzeko ere.

2019ko lanak bide berri baten norabidean jarri gintuen, izan ere, 2019ko amaieran eskaera berria egin zitzaigun: mapuzugun klaseak online eman ahal izateko laguntza; bai material ekoizpenerako (unitate didaktikoak) eta bai klaseak emateko (irakaslearen egitekoa edota rola).

Horrela, 2020tik eskakizun berriei erantzuteko, onlineko formazioa eta aholkularitza eman diegu atal hauetan:

1. Materialak sortu eta eskolak eman:
• Unitate didaktikoak B1 maila arterako, egun B2 helburu.
• Irakasleentzako gida lerroak
• On line klaseak emateko gakoak
• Bideoak / audioak (internetik ez daukatenentzako klaseak prestatzeko)

2. Materialaren edizioan laguntza eman:
• Onlineko materialez gain, barnetegi eta klase presentzialetarako B1 arteko unitate didaktikoak moldatu.
• Unitate didaktikoen formatua bateratu
• Ikus-entzunezkoen formatua bateratu

(Garabiderekin sinatutako hitzarmenari esker egindako proiektua.)